IPUINEN LANKETA
Gelan landu genituen ipuin ezberdinek aniztasuna lantzeko aukera asko ematen dizkigute, batzuk beste batzuek baino gehiago. Aniztasunarekin lotuta, gai ezberdinak jorratzen dira, hortaz, baliagarria eta interesgarria iruditzen zaigu ipuinak Haur Hezkuntzan erabiltzea haurrei balioak transmititzeko. Horretarako, garrantzitsua da gaiak eta ipuinak ondo aukeratu eta aztertzea, hauen balorazioa egitea eta behin gelan lantzeko balio dutela eta prest ditugula erabakitzean praktikan jartzea.
Lanketa hau egin ahal izateko ez da soilik beharrezkoa edukia (testua) ilustrazioak ere pisu handia du. Honen bitartez, haurrek gaiari buruzko ulerkera askoz modu errealagoan barneratzen dute, letrak irakurtzen ez jakin arren, irudiak interpretatzen badakitelako. Irudien koloreak eta formak zaindu behar dira emozioen lanketan laguntzen baitute, emozioak kolore tonuekin erlazionatu ditzakete. Bestetik, ipuinak irakurtzea edo kontatzea bi kontzeptu desberdin dira, batetik testuak dakarrena literalki helaraztea eta bestetik geure hitzekin liburuak dakarrena adieraztea geure moldaketak eginez eta entzulearen arreta geureganatuz.
Haur eta gazte literaturak aniztasunaren inguruko ideia zabaltzen zein garatzen laguntzen digute gai desberdinak jorratuz; familia eredu ezberdinak (Tango iritsita, hiru dira edo Arraroa), errefuxiatuak nola utzi behar duten beraien herrialdea edo etxea (Bidaia luzea), generoetatik sortze diren estereotipoak haustea eta LGTB kolektiboarekiko errespetua zein onarpena (Ni Nerea naiz edo Jazz), emakumeari urte luzeetan zehar atxikitu zaizkion estereotipoak hautsi (Hamahiru andere ausart), talde pertenentzia eta homogeneotasunarekin haustea (Elmer, Munstro Arroxa, Txori horia edo Zuria izan nahi zuen hartza), nahiz eta bi errealitate desberdinetan bizi denok bizikide gara, denok gizartearen parte izanez (Goikoak eta behekoak) edo maila sozioekonomiko desberdinak adieraziz (Tximeleta belarriak).
Nahiz eta guk sailkapen hau egin, esan beharra dago ipuin bakoitzak balore eta ezagutza zehatz bat baino gehiago transmititzen dituela. Hori dela eta, ezinbestekoa da liburua haurrei zuzendu aurretik irakasleak liburuaren azterketa bat egitea, transmititu nahi dituen baloreak azpimarratuz eta hauei garrantzia emanez edota beharrezko aldaketak eginez, mezu negatiboak ekiditeko. Adibidez, Zuria izan nahi zuen hartza liburuan honela zioen “Amak garbitu ninduen” zaintza emakumearen rolari atxikituz.
Ikasgelara lanketa bat egiteko eramango genukeen liburua Elmer izango litzateke. Liburuak elefanteetan ere homogeneotasunik ez dela existitzen azaltzen du modu batean. Elmer kolore askoz osaturiko elefantea da, eta beraz, arrazoi horrengatik desberdina sentitzen da, ez delako gainerako elefante guztiak bezalako kolorekoa.
Arraza ezberdineko edota azal kolore zein itxura fisiko ezberdineko jendea dagoela adierazi genezake liburu honen lanketan sakonduz, haurrei ulertaraziz denok ez garela zuri kolorekoak, edota itxura fisiko berdinekoak.
Haurrekin gela barruan hau landu ahal izateko, honako ideia hau bururatu zaigu: haurrei elefante bat marrazteko esango genieke, bakoitzak berak deritzon bezalakoa, bakoitzarentzat elefantea zer den ezberdina izango delako; denek interpretazio ezberdina egingo dute seguruenik, eta ilustratu ere ezberdin. Ondoren, elefantea koloreztatzeko eskatuko genieke, beraiek erabakiz bakoitzaren elefanteak zein kolore izango duen edo dituen. Hor ere, nabarituko da, bakoitzak pertzepzio bat duela, eta hortaz denak direla desberdinak.
Ariketa aprobetxatuko genuke, haurrak konturatu daitezen beraiek marraztutako elefanteen artean ere desberdintasunak daudela, bakoitza den bezalakoa dela eta hori dela bakarra egiten duena. Gizakiok ere halaxe garela konturatuko dira metafora horren bitartez. Kasu honetan elefanteekin egiten da lanketa, baina izan daiteke beste edozerekin egitea ere.
Comentarios
Publicar un comentario